2. Euskal herri administrazioei egindako gomendioak Euskadin familiei laguntzeko
Arrazoi operatiboengatik eta azalpena argiagoa izateko, gure gomendioak bost ardatz tematiko handiren inguruan artikulatu ditugu. Jarraian azalduko ditugun gomendio hauen xedea da euskal herri-administrazio desberdinak familiei laguntzeko politiketarako Euskadin identifikatu ditugun erronkarik nagusienetara bideratzea.
Hasteko, Euskadiko familientzako laguntzak gauzatu beharreko marko juridikoaren garapenari buruzko gomendioak daude.
Bigarrenik, familiei laguntzeko politika publikoen erakunde mailako antolakuntzari buruzko gomendioak daude.
Hirugarrenik, familien arloko inbertsio publikoari lotutako gomendio batzuk ditugu, nahiz familien gastuak konpentsatzeko neurrien garapenari dagokionez nahiz familiei zuzendutako zerbitzuen artikulazioari dagokionez.
Laugarrenik, azterketan zehar garrantzi identifikatibo handia izan duelako, familiako bizitza, lanekoa eta bizitza pertsonala uztartzeko neurriei buruzko gomendioen berariazko atal bat dago.
Bosgarren tokian gomendio batzuk egin nahi izan ditugu sektore desberdinetako neurriei buruz, familietan eragin handia baitute. Bereziki arrazoi ekonomikoen ondorioz edo baztertzeko arriskua dutelako zaurgarritasun handiko egoeran dauden talde batzuei dagozkien berariazko beharrei dagokienez.
a. Familiei laguntzeko 13/2008 Legean ezarritako helburuak ezartzeko marko juridikoaren garapenari buruzko gomendioak
1. Gomendatzen da Eusko Jaurlaritzak ezar ditzala Familiei laguntzeko 13/2008 Legean ezarritako helburu nagusiak (bereziki lege horretako 4. artikuluko a eta
h ataletan adierazitakoak); horretarako, baliabide edo babes berezia behar duten familiako errealitate desberdinak identifikatuko dira, erakunde maila desberdinetatik familia hauek (guraso bakarrekoak, ugariak, mendekoekikoak, etab.) babesteko egiten diren esku-hartzeen diseinu koordinatua egiteko markoa sortzeko.
Horretarako gomendatzen da Eusko Jaurlaritzak zehatzago garatu dezala –behar izanez gero tresna araugileen bidez– egoera zaurgarrian dauden familien definizioaren barruan dagoen kasuistika, familia hauei laguntzeko eskumena duten euskal erakunde desberdinek ezarritako neurrien eskubideen titularrentzat marko bateratua sor dadin.
b. Familiei laguntzeko politiken inguruan erakunde mailako antolakuntza hobetzeko gomendioak
2. Gomendatzen da Eusko Jaurlaritzak instantzia publiko edota maila instituzional desberdinetatik datozen familiei laguntzeko neurri eta politiken diseinu koordinatua susta dezala. Horretarako, funtsezkoa da Eusko Jaurlaritzak buruzagi papera hartzea, bereziki familiei laguntzeko erakunde arteko plana inplementatzea beharrezkoa delako.
Euskal erakunde-sarea konplexua da, herritarrak artatzeko hainbat instantziak esku hartzen dute, baita familietan eragina duten zerbitzuak eskaintzeko eta baliabideak eskura jartzeko ere; horren ondorioz, zenbaitetan zaila da horien berri izatea eta familiak baliabide eta zerbitzu batzuetara bideratzea eta sartzea. Gainera, familia mota eta egoera ugari dagoenez, familien beharrak ere anitzak dira eta gero eta gehiagotan eskatzen dute behar anitz hauek ezagututa eta ikuspegi integrala izanda diseinatu behar litzatekeela arreta, familien eskubideak argitzeko eta dauden prestazioetara sarbide arrazionala eta berdina izateko.
Europan familiei laguntzeko politikarik aurreratuenak dituzten herrialdeetan, aspalditik diseinatzen dira politika horiek modu integralean, zerikusia duten eragile edo ikuspegi desberdinak (haurrak, mendekotasuna, fiskalitatea, etab.) erakunde koordinatzaile baten bidez uztartuaz.
3. Eusko Jaurlaritzari gomendatzen zaio, eta dagokionean foru aldundien eta udalen lankidetzarekin, familiak informatzeko gailu integralak sor ditzala, Euskadiko familien esku dauden baliabideen eta zerbitzuen berri herritarrak errazago izan dezan.
Familiei zerbitzuak eta baliabideak eskaintzen dizkieten erakunde ugari daude (batez ere hainbat arrazoiren ondorioz egoera zaurgarrian daudenei eskaintzen dizkietenak) eta horrek zenbaitetan zaildu egiten du erakunde edota sail arteko orientazioa.
Horregatik, eta Euskadin familientzako dauden baliabide guztietarako sarbidea errazteko eta argitzeko, informaziorako gailu bat sortzea gomendatzen da, horren bidez familiek laguntza ekonomikoak, programak eta zerbitzuak kontsulta ditzaten, guztiak ere gai honetan esku hartzen duten herri-administrazio desberdinek eskainitakoak.
4. Euskal administrazio guztiei gomendatzen zaie eta bereziki Eusko Jaurlaritzari, ahalegin bat egin dezatela euren eskumenen alorretik europar mailako praktika onak identifikatzeko eta familiak artatzeko eredu berriak diseinatzean praktika on horiek hartzeko euskal testuingurura egokitzeko gidaritzat.
Aurrez egindako diagnostikoan adierazi bezala, familiako errealitateak eta horien beharrak etengabeko aldaketen mende daude, beraz, familiei laguntzeko politikak pixkanaka eguneratu behar lirateke, herritarrentzako erabilgarritasuna bermatuko duen ikuspegi berritzailetik.
Hori dela eta, beharrezkoa da hausnarketa eta alderaketa prozesuak ezartzea europar mailako ekimen arrakastatsuekin, familientzako zerbitzu berriak egokitzeko, zabaltzeko edo sortzeko erabili ahal daitezen.
Adibide batzuk aipatu dira jada txosten honetan, hala nola, Islandia edo Suediako gurasoen baimenen sistema, Austriako baliabideen malgutasuna edo Frantziako prestazioen koordinazioa.
5. Eusko Jaurlaritzari gomendatzen zaio Familiak Babesteko Erakunde arteko III. Planaren indarraldia luza dezala, bertako neurri guztiei heldu ahal izateko, gaur egun plan horrek legealdi honetarako finkatutako lehentasunez gain.
Familiak Babesteko Erakunde arteko III. Planaren xedeak bere indarraldirako neurri gehiegi ezarri zituen arren, helburu, estrategia eta neurri egokiak ditu eta erakunde eta gizarte-arloan denbora ugari inbertitu da eta inplikazio handia egon da. Horregatik, eta ahalegin politikoen eraginkortasuna gogoan izanda, egokia iruditzen zaigu Familiei Laguntzeko Erakunde arteko III. Planaren indarraldia luzatzeko aukera aztertzea, bertan adierazitako neurri guztiak epe ertainean ezarri ahal izateko.
c. Familiako publikoa indartzeko gomendioak, batez ere seme-alabekiko familien gastuak konpentsatzeko
6. Euskal administrazio guztiei gomendatzen zaie, eta bereziki Eusko Jaurlaritzari eta foru aldundiei, hazi dezatela familien gastuak konpentsatzeko neurri ekonomikoen inbertsio publikoa eta bereziki seme-alabak dituzten familiena, Europako beste herrialde batzuen batez besteko kokapenera irits gaitezen pixkanaka.
Familiak babesteko legearen 10.5 artikuluan ezarritakoa beteaz –“euskal herri-administrazioak progresiboki zabalduz joango dira ardurapeko seme-alaba adingabeengatik ematen diren zuzeneko diru-laguntzak, 2020. urtean Europar Batasunaren mailan izateko”– uste dugu eremu honetan eskumenak dituzten euskal administrazioek Euskadiko BPGren %2ra arte hazi behar dutela pixkanaka familiei laguntzeko gastua, Europako batez bestekora iristeko seme-alaba bakoitzeko laguntzei dagokienean, bai kopuruari bai iraupenari dagokionez, eta gutxienez derrigorrezko hezkuntza-aldia estalita izan.
7. Horretarako, gaian eskumena duten euskal administrazioei gomendatzen zaie seme-alabak dituzten familientzako laguntza ekonomikoen sistema bidera dezatela sistema unibertsalera eta ez batez ere zerga dedukzioetan oinarritutakora (gaur egun bezala).
Seme-alabekiko familiei bideratutako ahaleginean europar batez bestekora gerturatzeko, beharrezkoa da sistema inbertsionista unibertsala ezartzea (zerga dedukzioenaren osagarri), hau da, errentaren mende ez dauden zuzeneko laguntza unibertsalen sistema.
8. Fiskalitateari dagokionez, foru aldundiei eta Eusko Jaurlaritzari gomendatzen zaie koordinazio sozio-fiskala indartzeko neurriak ezartzeko –estrategia integralen bidez– eta horren eragina egiaztatzeko ekimen pilotuen garapenean jarraitu. Bereziki hau gomendatzen da:
Foru aldundiek azter dezatela kenkari berreskuragarrien sistemaren aplikazio esperimentaleko prozesu pilotuak egiteko aukera, eredu honen egiazko eragina (soziala eta ekonomikoa) eta ondorioak (positiboak eta negatiboak) neurtu ahal izateko eta horrela, familiak babesteko ereduaren unibertsalitatean aurrera egiteko.
Foru aldundiek eta Eusko Jaurlaritzak eremu sozialaren eta fiskalaren arteko koordinazio handiagoan aurrera egin dezatela, estrategia inklusiboak diseinatu ditzatela elkarrekin bi sistemetan familiei eskaintzen zaien laguntza kontuan izanda, europar testuinguruan jada egiten den bezala.
d. Familiako bizitza, lanekoa eta pertsonala uztartzea areagotzeko gomendioak
9. Euskal administrazio guztiei gomendatzen zaie neurriak hartu ditzatela pertsonak eta enpresak sozialki sentsibilizatzeko pertsonen zainketan dagoen erantzunkidetasunaren garrantziaz, eta batez ere, familiako eta laneko bizimodua uztartzeko beharraz. Horretarako, euskal administrazio guztiei eskatzen diegu:
Enpresetan heziketarako eta sentsibilizaziorako neurriak dituzten programak gehitu eta indartu ditzatela (horren adibide da Eusko Jaurlaritzaren Bateratu+ programa) eta uztartzearen eraginkortasun ekonomiko eta errentagarritasun handiaz kontzientziatu daitezela.
Laneko denborak eta ordutegiak arrazionalizatzearen garrantziaz sentsibilizatzeko eta hezteko (enpresak, herri-administrazioak eta gizartea, oro har) programak sortu ditzatela eta lanpostuko presentzia malgutuko duten eta laneko eraginkortasuna sustatuko duten neurriak bultza ditzatela.
Enpresei, administrazioari eta gizarteari oro har zuzendutako programak sortu ditzatela, zaintzako denborak gizarte– eta gizaki-mailan behar diren denbora bezala balora ditzan gizarteak eta ekonomikoki oso errentagarriak izan daitezela ikusi.
Buruzagitza publikotik enpresen eta lan-erakundeen ekoizpen-egituran uztartzea normaltzeko programak susta ditzala, aitatasun eta amatasun baimenen garrantzi soziala barnera dezaten eta karrera profesionala aldi baterako utzi zen puntu hartatik jarraitzeko aukerak emango dizkien mekanismoak eskaini ditzaten.
10. Euskal administrazio guztiei gomendatzen zaie, euren eskumenen arabera uztartzea babesteko programak, baimenak eta zerbitzuak hazi edota indartu ditzatela. Horretarako, euskal administrazio guztiei eskatzen diegu:
Baliabide-eskaintza zabala berma dezatela, zaintzaz arduratzen direnen lanaldian zaintza behar dutenen arreta bermatzeko, eta bereziki indartu ditzatela eskaintza txikieneko arloak, hala nola, eskolatu gabeko adingabeena eta bereziki, estaldura txikieneko hiri-eremuetan.
Laneko sektore guztietara (publiko eta pribatuetara) malgutasun handiagoa ekarriko luketen bideak aztertu daitezela, lanaldia murrizteari eta berrantolatzeari dagokionez eta denbora presentzialari edo telelanari dagokionez, uztartzea errazagoa izan dadin.
Batez ere Eusko Jaurlaritza hertsatzen dugu:
Etorkizunean amatasun eta aitatasun baimenen denborak parekatu ahal izateko bitartekoak aztertzera.
Osasun-egoera larrian dauden familiako kideak zaintzeko baimen berezia emateko bideak aztertzera, mendekotasun egoeran, osasun-egoera oso txarrean... dagoen familiako bat zaintzeko denbora-baimen unibertsala sortzearen bideragarritasuna aztertuaz.
Haur-Etxeak proiektua berriro ezartzeko aukera aztertzera, behar izanez gero egoki iritzitako aldaketak eta egokitzapenak planteatuaz, familiek oso adin txikiko seme-alabak zaintzeko zerbitzu gehiago izan ditzaten aukeran eta hezkuntza administraziotik alor honetan egin daitezkeen balizko ekimenei kalterik egin gabe.
Era berean, hezkuntza– eta familia-arloetan eskumenak dituzten Eusko Jaurlaritzako sailak koordinatzea gomendatzen da, 3 urtez azpikoentzako hezkuntza eskaintza –bere esanahirik zabalenean– publikoa zabaltzeko eta horretarako, dagokionean, gaian esku hartzeko gaitasuna duten udalekin lankidetzan aritu beharko da. Zentzu honetan, komenigarria da ekimen pilotu formalak eta ez formalak aztertzea, beste herrialde batzuetan erabilitako praktika onak oinarri hartuta, hala nola, haurtzaindegi izateko udalguneak, erkidegoko ekimenak (familiak taldekatu), etab.
11. Eusko Jaurlaritzari gomendatzen zaio uztartzearen gastuak zati batean konpentsatzeko laguntza ekonomikoen sistema unibertsal bat mantendu dezala. Horretarako, hertsatzen dugu:
Maila ekonomikoa eta gaur egungo uztartze laguntzen unibertsaltasuna mantentzera (familia eta lana bateragarri egiteko laguntzei buruzko 177/2010 Dekretuak arautuak) eta etorkizunean horiek igotzeko joera izatea.
Familia eta lana bateragarri egiteko laguntzei buruzko 177/2010 Dekretu hori aldatzera, indarrean dagoen euskal araudiko uztarketa-laguntzen onuradun izan daitezen langile autonomoak ere.
177/2010 Dekretu hori aldatzera, laguntza horien onuradun izan daitezen zaintza ez duten gurasoak ere –oro har eskatzen diren baldintzak betetzen badituzte– banaketaren edo dibortzioaren hitzarmen arautzailearen arabera, bere semeak edo alabak zaintzen igarotzen duen denborak uztartzeko beharra adierazten badu.
Familia eta lana bateragarri egiteko laguntzen euskal arau hori aldatzera, uztartzeko laguntzak seme-alaba adingabeak zaintzeko eskatzen badira, seme-alaba adingabeen adina haziaz; adin hori gaur egun 8 urte da eta 12ra arte zabaltzea komeni litzateke kontratazio egonkorra mesedetzeko eta langileen enplegagarritasuna hobetzeko abenduaren 20ko 16/2013 Lege Errege Dekretuan egondako aldaketaren ondoren, norbere kargura dituen adingabeen adina dela eta besteren kontura lanean aritzen direnen eta enplegatu publikoen eskubideak parekatu egin baititu. Horren ondorioz, langile guztiek dute –sektore publikoa edo pribatua bereizi gabe– uztartzeko neurriak hartzeko aukera kargura dituzten seme-alabek 12 urte egin arte.
e. Gomendioak familietan eragin handia duten sektore arloko neurriak sustatzeko eta egoera zaurgarrian dauden familiei laguntzeko: familietan eragina duten beste sektore batzuetatik esku hartzea
Azkenik, gure ustez garrantzitsua da aurreko horien gomendio osagarri batzuk egitea, jarduera-eremu desberdinetatik datozen neurriei buruzkoak lirateke, baina denek eragin handia dute familien egoeran.
12. Gaian eskumena duten euskal administrazioei gomendatzen zaie mendekotasuna, ezintasuna eta gaixotasunarekiko pertsonak dituzten familiei laguntzeko neurriak hobetu eta areagotu daitezela. Horretarako, administrazio horiek hertsatzen ditugu:
EAEn norberaren autonomia sustatzeko eta mendetasunari arreta emateko legearen aplikazioa izeneko txosten berezian erakunde honek emandako gomendioak artatzera. Gomendio hauek erregistratutako gabeziak nabarmentzen dituzte eta norberaren autonomia sustatzeko eta mendetasuna babesteko politika egokia bermatzeko hartu beharreko neurriak ere nabarmentzen dituzte, familian garrantzi handia baitute.
Gure ustez bereziki garrantzitsua da mendekoak beraien etxeetan mantentzeko neurriak indartzea eta zaintzaileak babestea, horiek trebatzeko, arreta psikoterapeutikoa jasotzeko, babesa eta atsedena izateko gailuak eta zerbitzuak sustatuaz eta mantenduaz eta beraien erantzukizunari aurre egiteko trebeziak eta tresna baliagarria emanaz.
Era berean, ezinbestekoa da espazio soziosanitarioaren garapena indartzea, hiru lurralde historikoetan dauden baliabideak homogeneizatzea, lehen arretan koordinazio soziosanitarioa bermatzea diziplinarteko ekipoen bidez eta arauen baterako markoa garatzea eta partekatutako informazio sistema ezartzea.
13. Euskal administrazioentzako gomendioak hezkuntza-eremuari buruz.
Eusko Jaurlaritzari eta euskal foru administrazioei eta tokikoei gomendatzen zaie, euren eskumenen eta gaitasunen arabera gurasotasun positiboko programak susta ditzatela.
Hezkuntza administrazioari gomendatzen zaio hezkuntzako materialetan familia ereduen aniztasuna ikusgarri egiteko behar diren neurriak aktiba ditzala, hezkuntzako diskurtsoan familien aniztasuna sartzea susta dezala errespetuzko kulturarentzako eta aniztasun hori onartzeko mesedegarriak izango diren material eta adibide praktikoak erabiliaz.
14. Eusko Jaurlaritzari gomendatzen zaio, pixkanaka sartu ditzala familientzako babes publikoko etxebizitzetan bizitzako atalen araberako ibilbide-sistema bat modu eraginkorrean sartzeko behar diren neurriak, babes publikoko etxebizitzen erabileran aldaketa malgua egon dadin, eta etxebizitza horien eskaintza bizitzan zehar izaten diren familia-beharretara egokitu dadin.
15. Eusko Jaurlaritzari gomendatzen zaio, gaur egun diru-sarrerak bermatzeko errentaren zenbatekoa zehazteko erabiltzen diren irizpideak epe laburrean aldatzea azter dezala, familiaren neurriak garrantzi handiagoa izan dezan. Datuak kontuan izanda, komenigarria litzateke kanpainak edo neurriak sustatzea familientzako prestazio sozialetarako sarbidea hobetzeko, prestazio horiek eskatu ahal arren kanpoan geratzen diren familientzat.
16. Euskal administrazio guztiei gomendatzen zaie euren eskumenen arabera esku hartu dezatela Euskadin aisia hezitzaileko eskaintzak eta aisiako heziketa programak behar adina luza daitezen, horrela Familiei laguntzeko 13/2008 Legeko 20.e) artikuluan agindutakoa bete dadin “Ikastetxeak oporretan direnerako, astialdi– eta aisia-jarduerak antola daitezen bultzatzea, norberaren bizitza, familia eta lana uztartzen laguntzeko zerbitzu gisa, familien beharren arabera”.